Euskara

Galeseko jaialdia bukatuta, Eskoziara bidean da Tosta

Posted on July 1st, 2016

Galesen izan zen pasa den asteburuan Tosta karga, Ceredigion herrian, Europako hizkuntza aniztasuna azaleratu eta ospatuz. Bertan aurkeztu zuen Uxue Arzelus zinegileak Hitz gutxitan dokumental laburra. Eskoziara bidean dira orain kontainerrak, datorren astean bertan izango baita jaialdia. Horrela, astiro astiro zazpi hizkuntza komunitateetan geratuko da Tosta, eta irailean helduko da Euskal Herrira. Atlantikaldia jaialdiarekin batera izango da Tosta jaialdia, Errenterian, irailaren 22tik 25era. Besteak beste, kontzertuak, umeentzako tailerrak eta mintzodromoa izango ditugu.

Uxue Arzelus zinegile gazteak Galesen aurkeztu zuen bertako egonaldian (martxoa eta apirila bitartean) ekoiztutako film laburra. Hitz gutxitan, 10 minutuko dokumentala da, eta bertan euskara eta gales hiztunen arteko lotura, antzekotasun eta desberdintasunak azaleratzen ditu. Hiztun arruntez gain, film laburrean, hizkuntza-komunitate bakoitzeko zenbait kulturgilek ere parte hartu dute: Elin Haf G. Jones eta Meic Llewelyn galeseraz; eta euskaldunen artean, Andoni Egañak edo Kirmen Uribek.

Galeseko jaialdiko argazkiak bertan dituzue.

Hitz gutxitan dokumentalaren trailerra, hemen.

Hizkuntza gutxituak ditugun Europako zazpi komunitatetako kultur eragileen artean garatutako proiektua da Donostia 2016ren Tosta enbaxada, honako hauekin elkarlanean: Ealaín na Gaeltachta (Irlanda), Golden Tree Production (Kornualles), Sabhal Mòr Ostaig (Eskozia), Celtic Neighbours eta Theatr Felinfach (Gales), Afûk (Frisia), A Mesa pola Normalización Lingüística eta Deputación da Coruña (Galizia) eta Euskaltzaleen Topagunea (Euskal Herria).